2009-06-25

RSS-en AROA AMAITU AL DA?

Iturria: Iker Balentziaga, Berria egungaria.

  • Internet informazio bilgune ikaragarria da, ia amaiezina, unibertsoak bezala etengabe hedatzen eta handitzen jarraitzen duena. Hasiera batean, World Wide Web izeneko unibertso birtual horretan nabigatzean, bidean topatzen genuen lasto guztiaren artean interesgarria iruditzen zitzaigun webgune bat aurkitzen bagenuen, helbidea gure nabigatzailean gordetzen genuen (faborito karpetetan, google-en markadoreetan), tarteka-tarteka gune horri bisita egin eta eduki berriak gehitu ote zituen ikusteko. Horrela, weba bera bezala, gordeta geneuzkan webguneen zerrenda ere handituz joaten zen, egunero-egunero.
  • Geroago, blog plataformen eztandarekin batera, RSS-ak agertu ziren, eta horiek amaiera eman zieten azken uneko informazioaren bila gure gustoko webguneetara ordura arte egiten genituen tartekako bisita horiei. RSS-ak, ingelesezko Rich Site Summary-ren siglen bidez ezagutzen ditugu horiek, fitxategi formatu bat dira, sarritan eguneratzen diren albisteen webgune zein blogentzat bereziki prestatuak, webgune horien informazioa banatu eta beste gune batzuetan ere erabiltzeko aukera ematen dutenak. Fitxategi horiek erabil daitezke Interneterako nabigatzaile berriekin edo RSS irakurgailu edo aplikazioekin, hala nola Bloglines eta Netvibesekin; webguneko albisteen tituluen jario bat erakusten dute, automatikoki eguneratzen dena.

Beraz, interesatzen zaizkigun helbideak gorde eta denak banan-banan kontsultatzen ibili baharrean, RSS irakurgailu bat erabilita webgune horien albisteen jarioetara edo RSS fitxategietara harpidetu eta jarraitzen ditudan gune guztien azken tituluak jaso ditzakegu, orrialde bakar batean, webgunerik webgune ibili gabe. Eta albisteren bat interesatzen bazaigu, tituluan klik eginda irakur dezakegu, denbora eta klik ugari aurreztuz.

  • Guk, orain arte, sistema hori erabili badugu ere, gero eta gehiago hasi gara, ordea, RSS jarion ordez beste erreminta bat erabiltzen: interesatzen zaizkigun webguneen jarraipena egiteko TWITTER erabiltzen dugunak. Orain Twitter erabiltzen dugu biziagoa eta pertsonalagoa delako; gune horietako tituluez gain, horien atzean dagoen pertsonarekin harreman zuzena eskaintzen digulako. Azken finean, Twitter erabiltzen dugu elkarrizketarako aukera ematen duelako.

No hay comentarios: