2008-04-11

ZER DIRA BLOGAK? 1.ATALA

EGILEA: X.MENDEZ (EUSKALKAJINTZA BLOGETIK HARTUTA)

Gaur egun, Interneten erabileraren gehikuntzarekin batera, blogak gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari dira. Baina zer dira blogak? Nork erabil ditzake? Zertarako balio dute? Erraz sor al daitezke? Oraindik gai honi buruz ez dakienik badagoenez, artikulu ezberdinetan ezinbestekoa den informazioa biltzea otu zait.
Hasteko, bloga zer den azalduko dut. Blog edo weblog bat anotazio edo artikulu publikoak idazteko Interneteko gune bat da. Bertan, egileak gustuko dituen gertakizunez edo edozein gauzaz idazten du, ondoren, hauek bere blogean artikulu moduan argitaratuz. Gero, edonork izango du ekarpen (post) hau irakurtzeko aukera. Nornahik sor eta erabil ditzake blog edo koaderno bitakora hauek, ez baitira arlo profesionalera mugatzen. Esan beharra dago blog gehienak pertsonalak izaten direla, egile bakar batek idatzitakoak, alegia. Baina badira baita komunitatean idatzitakoak ere, euskaljakintza bloga, adibidez, non pertsona talde batek blog berean denetariko artikuluak idazten dituen. Edozein gairi buruz idatz daiteke, askatasun osoz; hori bai, beti errespetuz jokatu behar da irainak saihestuz eta ikuspuntu guztiak errespetatuz.
Baina zer gertatzen da idatzi eta gero? Hor bukatzen al da dena? Ez, ez da hor amaitzen gauza. Alde batetik, blogek duten ezaugarri garrantzitsuenetako bat idatzitakoa kronologikoki azaltzen dela da. Egileak idazten dituen artikuluak hurrenkera jakin batean argitaratzen dira, hots, gaurkoa atzokoaren aurretik agertzen da. Hori gutxi izango balitz, iruzkinak uzteko aukera ere ematen dute. Honela, egilearen iritzia sarean dauden irakurleekin batera partekatzen da. Ez hori bakarrik, idatzitakoak garrantzi handia har dezake Zabaldu, Meneame edo halako lekutan azalduz gero (erreakzio nuklear batean antzera gertatzen baita). Beraz, argitaratzea ez da amaiera; aitzitik, hasiera baino ez da.
Bestetik, blogetan irudiak, soinua eta bideoak txertatzeko aukera dago. Nire ustez, multimedia baliabideak ezartzea garrantzitsua da irakurlearen arreta mantenduko badugu, beti ikusgarriago baita testu bat argazkiz eta holakoz apaintzea idatzi soila ikustea baino. Dena den, arrakasta handiena lortzeko modurik eraginkorrena estekak dira. Zerbait idazten denean, emandako informazioari eusteko edota informazio osagarria eskuratzeko beste blogetara zuzen daiteke irakurlea. Honela, beste blogetako egileak zure blogera esteka ezarri eta norberaren webloga sarean zabaltzea lortzen da. Azken finean, artikulu bat idazten denean, norberaren jakituria besteengan helaraztea eta hedatzea da helburu nagusiena; hau da, zuk dakizun gaiez besteei ondo etor dakiekeen ekarpen txiki bat egitea.
Azkenik, nola lortzen diren azalduko dizuet. Blog sortzaile gehienak (blogger, worpress, blogak, blogari, mundua, nireblog…) doakoak dira
Badira, ordea, ordaindu behar direnak ere (TypePad, esaterako).

Amaitzeko, esan beharra dago, blog bat sortzea oso erraza bada ere, mantentzea ez dela hain samurra. Beraz, ezinbestekoa da blog bat aktiboa izan dadin jarraitu beharreko urratsak ezagutzea:

  • Ez utzi denbora gehiegi argitaratu gabe; hau da, maiz idatzi.
  • Beste blogetarako estekak ezarri.
  • Gai interesgarriez idatzi.
  • Ororen gainetik ez idatzi gezurrik, izen txarra hartzen baita.
  • Besteen eskura ipini zure ezagutza, ez gorde zuretzat bakarrik.


Gaurkoan, blog bat zer den azaltzen saiatu naiz. Hurrengoan, plataforma zehatz bat hautatu eta bertan blog bat sortzeko argibideak emango ditut.